Euskal gizartea emigratzailea izan da aspalditik. Hala ere, XIX. mendearen amaieran, bereziki Bilbo-Handia eskualdean industriak hartu zuen indarra bide, estatu espainiarreko etorkin ugari iristen hasi ziren. Hala, XX. mendean, EAEk bi prozesuak bizi izan zituen: euskal emigrazioa kanpoalderantz (bereziki Ameriketarantz) eta immigrazio espainiarra Euskadirantz.Espainia ez beste lurraldeetatik EAEra etorririko etorkinak, laurogeigarren hamarkada arte oso gutxi izan dira. Garai hartan hasiko da Hegoaldeko herrialdeetatik datorren immigrazio-joera, batez ere Afrikatik eta Latinoamerikatik datorrena, nabaritzen. Hala ere, kontuak kontu, EAEn immigrazio-prozesuak nolabaiteko bizkortzea izan badu ere -batez ere Europakoa ez dena-, oraindik, datu kuantitatiboei eta konparatiboei dagokionez (Europar Batasuneko beste herrialdeetako immigrazio hazkuntzarekin eta espainiar estatuko batez bestekoarekin alderatuz) oso kopuru txikien aurrean gaude.
Tradizioari jarraiki, estatuz kanpoko etorkinei dagokionez, gehienbat jatorri europarra duen atzerriko biztanleria izan dugu Euskadin. Hala ere, 1998az geroztik, beste kontinenteetako etorkin kopuruak Europar Batasunekoena gainditu, eta haien aldeko tartea geroz eta handiagoa egin da denborak aurrera egin ahala. Gaur egun, Europar Batasuneko beste herrialdeetako etorkinen kopurua, urtetik urtera gutxituz doa eta, gainerako Europatik eta beste kontinenteetatik etorritakoena gehituz. Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikatik datorren multzoa talde europarrarekin parekatuta dago oinarrian; Afrikatik datorren etorkin kopuruak, berriz, garrantzi handia hartu du, eta tarte dezentera Asiakoa dago. EAEko etorkinen jatorriari zehaztasun gehiagoz begiratuz gero, Portugal dugu Erkidegoko estatuz kanpoko etorkin kopuru osoaren % 17,8arekin, etorkin emaile nagusiena. Ostean, Maroko %10,8arekin, Kolonbia % 6,6arekin eta Frantzia % 5,2arekin leudeke.
EAEko estatuz kanpoko etorkin gehienak hirietan bizi dira, batez ere hiru lurralde historikoetako hiriburu edo dagozkien metropoli-barrutietan (Bilbo/2004-03-09/ 14.399 etorkin; Donostia/2003/ 6.384 etorkin; Gasteiz/2002-10/ 8.592 etorkin).Hiru lurralde historikoetatik, etorkin gehien Bizkaiak biltzen du, ia Erkidegoko etorkinen erdia. Araba eta Gipuzkoa, EAEko etorkin kopuru osoari dagokionez, antzera dabiltza. Hala ere, komunitate bakoitzeko biztanleria osoarekin alderatuz, proportzioan, Araban ditugu etorkin gehien.
EAEn bizi dugun immigrazio-fenomeno berri honek (berria diot, orain, estatuz kanpoko etorkinen aurrean baikaude), argi eta garbi, lan arloa du oinarri. Hau da, etorkin hauetako gehienen asmoa, lan merkatuan sartzeko aukera lortzea da. Horrek, biltzen diren eremu geografikoak definitzen ditu, eskulan-eskarien arabera, eta beti ere, haietara sartzea errazagoa den sektoreetan. Hala bada, etorkin hauen gehiengoak, % 60ak, zerbitzuen arloan lan egiten du, % 15,5ak eraikuntzan, % 13,2ak industrian eta, % 11,3ak lehen sektorean. Kontuan izanda immigrazio honen arrazoi nagusia lan-munduan sartzea dela, suposatzekoa den legez, EAEko etorkinen gehiengoa lan adin bete-betean daude (etorkinen % 54,6aren adina, 25-44 urte bitartean dago); eta zerbitzuen alorrak duen indarra bide, bereziki etxeko zerbitzuek, Erkidegoko etorkinen erdia emakumezkoa da.
lunes, 28 de enero de 2008
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario