lunes, 28 de enero de 2008

Proiektuak



Etorkinei euskara irakasteari begira Kultura Sailak martxan dituen proiektuak
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren lehen helburu estrategikoaren ildotik (hau da, familia bidezko nahiz hezkuntza bidezko belaunaldien arteko euskararen etengabeko transmisioa), eta kontuan hartuz euskara euskal gizartearen adierazgarririk garrantzitsuenetakoa dela, euskara etorkinen artean transmititzea bermatu nahi du. Hala bada, ahalik eta etorkin gehien euskaldundu gogoz, eta Immigrazioari buruzko Euskal Planaren ildotik, hainbat proiektu jarri ditu martxan. Horietako batzuk, hauek dira:

1.AISA proiektua: HABEk, etorkinak euskara ikasteko material bereziak sortu (horien artean irudi bidezko hiztegi eleanitz bat) eta etorkinei begirako 60 orduko ikastaro bereziak antolatu ditu, etorkinek euskaraz oinarrizko maila lortu eta euskaltegien sarean sartu ahal izateko. Ikastaroon finantziazioa Kultura Sailak eta Etxebizitza eta Gizarte gaietako Sailak hartu dute erdibana. EAEn bost talde eratu dira: 1 Bilbon, 1 Irunen, 1 Ermuan, 1 Gasteizko AEKn, eta azkena Donostiako Urrats Euskaltegian. Guztira 48 ikasle daude euskara ikasten, 30 emakume (% 62,50) eta 18 gizonezko (% 37,50). Gehienak Argentinakoak dira (12), ondoren Kolonbiakoak (9), Perukoak (6), Ekuadorrekoak (4), Venezuelakoak (3), Kubakoak (3), Saharakoak (2), eta bana Ameriketako Estatu Batuetakoa, Brasilekoa, Frantziakoa, Senegalekoa, Taiwanekoa, Tunisiakoa eta Uruguaykoa. Gaur egun, aztertzen ari dira ea urriko eskaintza herri gehiagotara zabaldu beharko litzatekeen edo ez, izan ere, hainbat herritatik ukan baitituzte eskaera berriak.

2.Euskalgintza deialdian 74.004 euro luzatu dituzte euskara etorkinei hurreratzeko egitasmoak diruz laguntzeko. Etorkinen elkarteek aurkeztutako egitasmoak lehenetsi dira, etorkinei beraiei hurbiltzeko erraztasun gehiago eskaintzen dutelako eta honek, euskara ikastaroetan etorkinen parte hartze handiagoa izatea zilegi egiten duelako.

3.Urtero abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko eguna ospatzen da eta egun horretako ekitaldi nagusia Eusko Jaurlaritzak antolatzen du Foru Aldundiekin batera. 2004koa oraindik antolatu gabe dagoen arren, aurtengoan ere etorkinei tokia eskaintzeko asmoa dute, gonbidatu bezala ez ezik, ekitaldian pisu berezia izanez. 2003ko ekitaldian, adibidez, aurkezleak etorkinak izan ziren eta euskaren inguruko testigantzen artean ere etorkinenak pisu berezia izan zuten.

4.Euskararen aldeko sentsibilizaziorako sortzen diren ekintza, egitasmo, eta produktuen azterketa egin, etorkinentzako egokitzapenen bat egin beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko; hala balitz, produktu aproposak egin.

5.Talde birtual bat antolatu da AISA proiektuko (batez ere) harrera-ikastaroetako irakasleei laguntza emateko.

6.Lan-saio bat antolatuko da udazkenean etorkinen elkarteekin, kulturen arteko informazio trukaketa eta aurrerantzerako ekintza bideak markatzeko.


Etorkinei euskara irakasteari begira Kultura Sailak ikusten dituen hutsuneak:

Kultura Sailean argi dute etorkinei euskara irakasteko dauden hutsuneen zerrendak luze jotzen duela. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren iritziz, batez ere, sentsibilizazio, informazio eta formazio alorretan ditugu hutsunerik nabarmenenak, eta hori dela bide, hauek hasi behar gara albait arinen asetzen.

Sentsibilizazioaren alorra, bai bertokoekin bai eta etorkinekin landu behar dela deritzote, hizkuntza aniztasunak dakarren aberastasunaz denok jabetu, eta besteak beste, etorkinek euskararenganako jarrera baikorra izatea lortuz, euskara ikastera animatzeko.

Informazioari dagokionez, bertokoei, etorkinen kulturaren eta hizkuntzen inguruan hitz egin behar zaie; eta etorkinei, euskararen gainean, euskara biziberritzeko egin diren ekimenak, euskara ezagutzearen abantailak, euskararen transmisioa etorkinen artean (hezkuntza ereduak, haurrek euskara ikastearen abantailak, helduek euskara ikasteko dituzten aukerak...),...

Eta bukatzeko, formazioari begira, euskal irakaslegoa etorkinei euskara irakasteko prestatu, oinarrizko ezagutza bermatuko duen euskara ikasteko programa curricular bereziak sortu, material didaktiko bereziak sortu, ikastaro eskaintza edo eta laguntza linguistiko egokiak diseinatu (adina kontutan izanda, trinkotasun-maila desberdinetakoak, denbora partzial zein osokoak, ama-hizkuntza kontuan izanda, eta abar) eta hauen zabalkunde egokia egin, euskara ikasteko interesa sustatuko duen laguntza-sistema erabili, eta abar, egin beharko litzatekeela uste dute.

No hay comentarios: