lunes, 28 de enero de 2008

Integrazio Planak-->Bidelagun elkartea



BIDELAGUN elkartea, Malerrekan, Urdazubin, Zugarramurdin, eta Baztanen, etorkinak bai linguistikoki, bai kulturalki integratzeko gogoz lanean

BIDELAGUN, Nafarroako Gobernuak legalki onartutako eta irabazi asmorik gabeko landa eremuko elkartea da. 1999ko ekainaren 7an sortu zen Baztanen, Urdazubin, Zugarramurdin, Malerrekan, eta Bidasoan borondatezko gizarte lana sustatzeko xedearekin.

Duela hiru bat urte, Nafarroako ingurune honetan, ia egun batetik bestera, lurralde ez-garatuetako etorkinen fenomenoa agertu zen. Hasieran etorkinen kopurua txikia zen, baina gaur egun, kontuan hartzeko zifren aurrean gaude. Hala, esaterako, Elizondon 3.000 bat biztanle badira, horietatik 200 inguru etorkinak dira; hau da biztanleria osoaren % 6,6. Eta Donezteben, etorkinen kopurua oraindik gehiago hazten da. Herritxo honek 1.200 biztanle ditu gutxi gorabehera, eta horietatik %17 etorkina da.

Errealitate hau ikusirik, eta zeinahi arlotan sortzen ari zen kezkak nahiz jarrerak bultzaturik, Bidelagun elkartekoek, gai hau ere lantzea erabaki zuten.

Gai honi loturik, lehen lanetako bat bezala, Malerrekako, Bortzirietako, eta Baztango Udaletako euskara teknikariek hainbat hizkuntzetan etorkinei begirako liburuxka informatibo bat kaleratzea erabaki zuten, eta horretan Bidelagunek ere parte hartu zuen. Liburuxka honetan, ingurune honetako lanbideak, lanarekin zerikusia duten eta beraiei interesgarri gerta dakizkien datu interesgarriak, euskararen presentzia nahiz garrantzia beraien integrazioari begira, eskolek eskaintzen dituzten ikasketa ereduak, telefono interesgarriak, eskualde nahiz herriko (Doneztebekoa, Elizondokoa, eta Berakoa) mapa bat eta datu geo-demografikoak, oinarrizko hiztegitxo bat hamar hizkuntza desberdinetan, eta abar azaltzen dira. Liburuxka hauek, herriko gizarte zerbitzu denetan daude zabalduta, eta hala, etorkina herrira helduz batera, informazio hau luzatzen zaio.

Hala ere, argi zuten, etorkinen integrazioari begira, hau ez zela nahikoa, eta orduan, beraiekin biltzea, elkar ezagutzea, eta beren kezkak entzutea izan zen emandako lehen pausua. Lehen bilera 2003ko udazkenean egin zen, eta ordutik hona, hilero burutu dira. Bilera bakoitzean gai bat lantzen da etorkinekin. Horietako bilera batean hezkuntza arloa landu zen. Gaur egun, Nafarroako ingurune honetako umeen % 90 D ereduan matrikulatua dago. Hasiera batean, haur etorkinen gehiengoa A ereduan matrikulatzen zen, baina ikusirik haur etorkinen matrikulazio tasa urtetik urtera nabarmen igotzen ari zela, irizpide batzuen beharra markatzea ezinbestekotzat jo zen. Guraso etorkinak errealitate honetaz jabeturik, bilera hartan, beraien seme-alabak D ereduan matrikulatuak izatea nahi zutela aldarrikatu zuten, umeak herrian integratzeko ezinbestekotzat jotzen baitzuten euskara jakitea. Bidelagun elkarteak, guraso horien kezkarekin bat datorrenez, gai horri heltzeko eta bide hori jorratzeko konpromisoa bereganatzen du.

Hala, beste gauza batzuren artean, Baztango Herrietako Eskolak, Elizondoko San Frantzisko Xabier Ikastetxe Publikoa, eta Baztan Ikastola lanean jarri ziren, eta zentruotako kultura guztiak curriculumeko ikasgai denetan hilabetez lantzea erabaki zuten. Epe horretan, esaterako musika ikasgaian, hainbat lurraldetako kantu, musika tresna, talde… ezagutu eta aztertu zituzten; geografian, ikastetxeko lurralde guztiak mapan kokatzen eta berauen ezaugarri geografiko nagusiak nahiz hiri nagusiak non aurkitzen diren ikasi zuten; gaztelerako klasean, Hego Ameriketako gaztelera eta Espainiakoa aurrez aurre jarri zituzten; eta horrela, beste ikasgai guztietan ere.

Emaitza guztiz positiboak lortu ziren, eta arrazoi hori dela bide, hainbat herritan, hilabete kulturarteko horretan burututako materialen erakusketa bat egitea erabaki zen.

No hay comentarios: